Alkatearen agurra
Jakin badakigu gure herriko jai nagusiak hastera doazela, jakin badakigu itsosupeteko egunak ditugula aurretik eta jakin badakigu herriak egindako lanaren fruitua direla jai hauek, herrian gozatzekoak!
Xixili irailaren 7an Goiko plazan ikusiko dugu urtero moduan eta irailaren 8an Almikara joango da, mendian gora. Gure herria ur gaineko bitsa da, kresalez inguratutako herria baina baditugu Bermeon mendian gora dauden haritzak, mendiz inguratutako auzoak eta horietako baten hasiko ditugu jaiak, Almika auzoan.
Kantatu nahi dut bizitza, eta baita dantzatu, jolastu, jokatu, arraunean egin, sukalkiak egin, erakustaldi zein erakusketak ikusi, parte hartu, lehiatu, topa egin, kontzertuetan ibili, udalbatzari lagundu, mozorrotu, danborra jo, kalejirak egin, omenaldietan parte hartu, jaitsierak egin, loreak eskaini, bertsoak entzun…bizitza hori da-eta, herriko ekimenetan parte hartzea, herriari ematea ezer eskatu barik.
Baina hitza usteltzen zait eraso eta erasotzaileei buruz berba egitean. Izan dadila jai liburuko hitzaurre honetan erasoei buruz berba egiten dugun azken urtea, izan dadila erasotzaileak ditugun azken urtea, izan dadila erasotuak ditugun azken urtea, izan dadila askatasunez bizi ezin dugun azken urtea, izan dadila azken urtea…baina bitartean gogoratu inork ikararik, beldurrik, segurtasun faltarik nabaritzen badu, herrian badaukagula egoera horietan laguntzeko puntu morea eta baita laguntza eskainiko dioten andrazko zein gizonezkoak ere. Zelan ez!
Jai hauetan eta urte osoan zehar ere, emaidazue freskura, pertsonen arteko berdintasuna eskutik eskura, euskera ahotik ahora, herrien arteko elkartasuna bihotzetik bihotzera…errespetua herritik herrira.
Gure herriko salda urdina edanda biziko gara gustura.
Gora Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak!